Teknologia

XX. mendearen erdialdean gizakiek Lurraren atmosferatik irteteko adina ezagutza teknologiko eskuratu zuen, espazioaren esplorazioan murgilduz.

Teknologia, grezierazko τεχνολογος-tik, tekne (τεχνη, "zientzia, arte, edo lanbide") eta logos (λογος, "jakintza-multzoa") hitzez osatuta dago. Hainbat definizio dituen arren, kontzeptu zabalenean, espezie batek modu sistematiko eta arrazionalean behar edo arazo praktikoei erantzuteko ebazpen teknikoak deskribatu, azaldu, diseinatu eta aplikatzea ahalbidetzen duen zientifikoki antolatutako jakintza-multzoari deritzo teknologia. [1]

Teknologia, era logiko eta ordenatuan aplikaturik, gizakiari bere ingurune material edo birtuala aldatzeko aukera ematen dioten ezagutzen eta tekniken multzoa da, bere beharrak asetzeko, hau da, konponbide erabilgarriak sortzeko pentsamendu eta ekintzarako prozesu konbinatua.

Teknologiak gizakiok gure ingurunea aldatzeko dugun nahiari eta borondateari erantzuten dio, gure desioak asetzeko modu berriak eta hobeak bilatuz gure inguruko mundua eraldatzeko. Teknologiaren motibazioa identifikatutako beharrak edo nahiak asetzea da, jarduera teknologikoa garapena, diseinua eta exekuzioa da eta azken produktua ondasunak eta zerbitzuak edo metodoak eta prozesuak dira.

Elkarren artean oso desberdinak diren teknologia asko dauden arren, ohikoa da teknologia singularrean erabiltzea guztien multzoari edo horietako bati buruz hitz egiteko. Teknologia hitza teknologia guztien jakintza komunak aztertzen dituen diziplina teorikoari ere badagokio, eta testuinguru batzuetan, berriz, hezkuntza teknologikoari, teknologia garrantzitsuenak ezagutzeko eskola-arloari.

Teknologiek modu nabarmenean aldatzen dute gizakiak zein beste animalia-espezie batzuk beren ingurune naturala kontrolatu eta moldatzeko duten ahalmena. Gizakiaren kasuan, teknologiaren erabilera natur baliabideak tresna sinple bihurtzean hasi zen, historiaurrean. Sua kontrolatzeko abilezia jauzi garrantzitsua izan zen, janari-iturriak asko zabaldu baitzituen, eta gurpilaren asmakizunak ondasunak urrunago garraiatzeko eta mugikortasuna handitzeko aukera eman zuen. Berrikiago izandako garapen teknologikoek, esaterako telefonoak, hedabideek edo internetek, komunikaziorako mugak asko murriztu dituzte eta eskala planetarioko elkarrekintzak sortzea ahalbidetu dute.

Hala ere, teknologia guztiak ez dira helburu baketsuetarako garatu: gero eta ahalmen suntsitzaile handiagoa duten armak sortu baitira, adibidez.

Jarduera teknologikoak gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenean eragiten du, baina aplikazio komertziala besterik ez bada, aberatsenen nahiak asetzera (kapitalismoa) bidera daiteke, eta ez behartsuenen funtsezko beharrak konpontzera. Ikuspegi horrek ingurumenaren erabilera ez-iraunkorra bultza dezake. Giza teknologia batzuek, biosferaren erabilera intentsiboa, zuzena edo zeharkakoa dela eta, planetako baliabide naturalak gero eta gehiago agortzen eta degradatzen dituzte. Maila handi edo txikian, teknologia berrien garapenak gizarteen balioak aldatzen ditu, eta batzuetan galdera etiko berriak sortzen dituzte.

Hala ere, teknologia ingurumena babesteko ere erabil daiteke, gizartearen behar gero eta handiagoak modu jasangarrian konpontzeko irtenbide berritzaile eta eraginkorrak bilatuz, planetako baliabide natural eta energetikoak agortu edo degradatu gabe edo gizarte-desberdintasunak areagotu gabe. Giza teknologia batzuek izugarrizko aurrerapena ekarri dute milaka milioi pertsonaren bizi-estandarretan eta -kalitatean, eta, aldi berean, ingurumena hobeto zaintzea lortu dute.

Teknologiak era guztietako ekintza sistematikoak biltzen ditu, gauzak eraldatzea helburu dutenak, hau da, teknologiaren helburua gauzak egiten jakitea eta zergatik egiten diren jakitea da.[2]

Asmakizun berriak ez dira nahitaez hobeak. Baina berrikuntzak liluratzen gaitu, eta horren alde egiten dugu, askotan kalitateari begiratu gabe

Teknologia giza jarduerarekin lotzeko joera dago. Hau ez da guztiz zuzena, beste hainbat animalia-espeziek ere teknologia jarduerak garatzen baitituzte. Beste joera bat, teknologia gizakiek erabiltzen dituzten produktuekin soilik lotzea da, produktu konplexuak orokorrean. Prozedura eta metodo teknikoek eta tresnek ere teknologia osatzen dute, hala nola, jantziek, produktu sinpleek, idazkerak, komunikazio-teknikek, abeltzaintzak, nekazaritzak, apaingarriek, eta abar.

Gaur egun, teknologia-aro esanguratsu batean gaude, ondasunen ekoizpena eta merkaturatzea nagusi diren garai historikoa, eta energia-faktoreak zeregin garrantzitsua du.[2]

  1. «Thinking Through Technology: The Path between Engineering and Philosophy, Carl Mitcham. 1994. University of Chicago Press, Chicago, IL. 328 pages. ISBN: 0-226-53196-1(hc); 0-226-53198-8(pb). $47.50(hc); $15.95(pb» Bulletin of Science, Technology & Society 16 (3): 147–147. 1996-06  doi:10.1177/027046769601600315. ISSN 0270-4676. (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  2. a b Fidalgo Sánchez, José Antonio.. ([2009]). Tecnología industrial, 2 Bachillerato. Everest ISBN 978-84-241-9053-8. PMC 733616668. (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search