Planeta

MerkurioArtziarra
LurraMarte
JupiterSaturno
UranoNeptuno
Eguzki-sistemako zortzi planetak
Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte
Jupiter eta Saturno (gasezko erraldoiak)
Urano eta Neptuno (izotzezko erraldoiak)

Eguzkiarekiko duten distantziaren arabera eta benetako kolorean. Tamainak ez daude eskalan.

Planeta izar baten edo hildako izar baten inguruan orbita egiten duen objektu astronomiko bat da, bere grabitazio indarrak biribildua izateko masa nahikoa duena, ez dena fusio termonuklearra egiteko bezain handia eta bere inguruko orbita planetesimalez garbitu duena[1][2][I]. Planeta terminoa antzinarotik etorri da eta lotura sendoak ditu historia, astrologia, zientzia, mitologia eta erlijioarekin. Eguzki-sistemako hainbat planeta begi hutsez ikus daitezke, eta hainbat kulturek jainkoen mezulari gisa hartu izan dituzte historian zehar. Ezagutza zientifikoak aurrera egin ahala, gizakiak duen planeten pertzepzioa aldatu da, beste hainbat objektu ere bertan sartuz. 2016an Nazioarteko Astronomia Elkarteak (IAU) ofizialki planetaren definizioa egin zuen, nahiz eta bakarrik Eguzki Sistemari dagokion. Definizioa gatazkatsua izan zen, masa-planetarioa duten hainbat objektu kanpoan utzi zituelako orbita non edo zeren inguruan egiten dutenaren arabera. 1950a baino lehen ezagutzen ziren zortzi planeta definizioaren barruan geratu baziren ere, asteroide-gerrikoan dauden Zeres, Pallas, Juno eta 4 Vesta eta ezagutu zen lehen Neptunoz haraindiko objektua zen Pluton planeta izendapenetik kanpo geratu ziren, lehenago hala sailkatzen baziren ere.

Planetak bi motatan banatu ohi dira: dentsitate baxua duten planeta erraldoiak eta txikiagoak diren planeta telurikoak. IAUren definizioaren arabera zortzi planeta daude Eguzki-sisteman. Eguzkiarekiko distantziaren arabera, lau telurikoak dira, Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte; eta beste lau planeta erraldoi dira, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Zortzi planeta hauetatik seik satelite naturalak dituzte inguruan. Eguzki-sistematik kanpo milaka exoplaneta aurkitu dira Esne Bidean. 2017ko abenduaren 1ean 3.710 exoplaneta ezagutzen ziren, 2.780 sistema-planetariotan. Horietako batzuek Ilargiaren tamaina dute, beste batzuek Jupiterren tamaina bikoitza dute. Aurkitutako 100 planeta baino gehiagok Lurraren tamaina bera dute, eta bederatzik Lurrak Eguzkiarekiko duen distantzia erlatibo bera dute, hau da, bizigarritasun zonan daude[3][4]. 2012ko ikerketa baten arabera, Esne Bidean dagoen izar bakoitzak batezbesteko 1,6 planeta ditu, gutxienez[5]. Eguzkiaren antzekoak diren bost izarretik batek[II] Lurraren tamaina[III] duen planeta bat izango luke zona bizigarrian.[IV]

Ptolomeok uste zuen planetek Lurraren inguruko orbita zutela, epizikloak eginez euren orbitan. Planetak Eguzkiaren inguruan mugitzen zirenaren ideia hainbatetan proposatu bazen ere, Galileo Galileik teleskopioarekin behaketak egin arte XVII. mendean ez zegoen honen froga behagarririk. Garai berdinean Tycho Brahek eta Johannes Keplerrek aurkitu zuten planeten orbitak ez direla zirkularrak, baizik eta eliptikoa. Behaketa instrumentuak hobetu ahala neurketa zehatzagoak egin ziren, eta ikusi zen planetek ardatz okertua dutela, eta batzuek izotz-kaskoak eta urtaroak dituztela. Aro Espazialaren hasierarekin Lurra eta beste planeta batzuk gertutik behatzeko aukera egon da, eta aurkitu da badutela bulkanismoa, urakanak, tektonika edo hidrologia bezalako fenomeno partekatuak.

  1. International Astronomical Union | IAU. (Noiz kontsultatua: 2017-12-14).
  2. Hau da planeta bat - Zientzia.eus. (Noiz kontsultatua: 2017-12-14).
  3. (Ingelesez) «NASA discovery doubles the number of known planets» USA TODAY (Noiz kontsultatua: 2017-12-14).
  4. The Extrasolar Planet Encyclopaedia — Catalog Listing. (Noiz kontsultatua: 2017-12-14).
  5. (Ingelesez) Cassan, A.; Kubas, D.; Beaulieu, J.-P.; Dominik, M.; Horne, K.; Greenhill, J.; Wambsganss, J.; Menzies, J. et al.. (2012/01). «One or more bound planets per Milky Way star from microlensing observations» Nature 481 (7380): 167–169.  doi:10.1038/nature10684. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2017-12-14).


Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "upper-roman", but no corresponding <references group="upper-roman"/> tag was found


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search