Mikrouhin

Mikrouhin bidezko telekomunikazio dorre bat Wellingtonen (Zeelanda Berria).

Mikrouhinak 300 MHz eta 300 GHz-ko maiztasun tartean dauden uhin elektromagnetikoak dira, hau da, 3 ns eta 3 ps arteko oszilazio periodoa dutenak.[1][2] Beste modu batera esanda, mikrouhinen uhin-luzera 1 m eta 1 mm artekoa da hutsean.

Mikrouhinak irrati-uhinen maiztasun tartearen (3 Hz eta 300 GHz) barruan daude, eta barne hartzen ditu UHF (ultra-high frequency, 0,3-3 GHz), SHF (super-high frequency, 3-30 GHz) eta EHF (extremely-high frequency, 30-300 GHz) maiztasun-bandak. Definizio hau nahiko zabala da, eta badaude bestelako definizio murriztaileagoak. Nolanahi ere, guztiek hartzen dute barnean gutxienez SHF banda osoa. Uhin infragorrien, terahertz erradiazioaren, mikrouhinen eta irrati-uhin luzeen arteko mugak arbitrarioak dira, eta desberdinak izan daitezke ezagutza-arlo batetik bestera.

Mikrouhin hitzaren "mikro-" aurrizkiak ez du esan nahi mikrometroen ordenako uhin-luzera dutenik edo oso txikia denik, baizik eta beren uhin-luzera txikiagoa dela irrati komunikaziorako erabili ohi diren irrati-uhin luzeen aldean. Aitzitik, espektro elektromagnetikoaren barruan mikrouhinen uhin-luzera ez da hain txikia ere; uhin-luzera txikiagoa dute infragorriek, argi ikusgaiak, ultramoreek, X izpiek eta gamma izpiek.

Mikrouhinek 1,24 meV eta 1,24 µeV arteko energia dute. Energia hori ez da aski lotura kimiko bat hausteko, hau da, ez da gai substantzia batean ionizazio bidez aldaketa kimikoa eragiteko. Horregatik, erradiazio ez ionizatzaileen barruan daude mikrouhinak.

  1. Pozar, David M. (1993). Microwave Engineering Addison–Wesley Publishing Company. ISBN 0-201-50418-9.
  2. Sorrentino, R. and Bianchi, Giovanni (2010) Microwave and RF Engineering, John Wiley & Sons, p. 4, ISBN 047066021X.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search